XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Foru Aldundiarentzat azpiegiturek zuten garrantzia garbi adierazten dute beronen mantenimenduaz arduratzen ziren kamineroentzat egin ziren etxebizitzek. Etxe hauek errepideen ondoan eraiki ziren eta, nahiz eta egun zirkulazio gutxikoak izan, garai hartan, Gipuzkoako bailara desberdinen arteko komunikazioa, berez zaila, hein handi batean hobetu zuten.

Etxe hauetariko gehienak estilo beraren barnean sartzen dira eta izaera neorregionalista garbia dute. Isolatuta daude elkarrekiko, eta probintziako mugetan kokatzen diren arbitrio-etxeen antzeko ezaugarriak dituzte.

Etxebizitza hauek guztiak Estatuak inkautatu egin zekien Inkautazio-aktaren bidez 1938ko urtarrilaren 31n; 1982ko irailaren 26an Diputazioari berriro transferitu zitzaizkion errepideen arloan, 2769/80 erret dekretuaren bidez.

Udanako kaminero-etxea, Inuntziaga izenez ezagutzen da Jose Maria Zabalo kontratistak eraiki zuen 1869an, eta 1926an berritu egin zen, urez eta argindarrez hornituz.

Eraikina laukizuzen bat da, 9,50 X 6,40 m-koa, eta fatxadan 3 m X 1,45 m-ko zati irten bat du. Harlangaitzezko hormak ditu, eta haritzezko armadura edo egitura. 46 Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jabegoen Inbentarioa.

Kaminero-etxe gehienetan egitura eta estilo antzekoa izan ohi da, eta Udanako kaminero-etxeak ere eredu berberak jarraitzen ditu.

Eraikina nahiko xumea da, euskal estilo neorregionalistaren ildotik. Lehenengo oinean harlanduzkoa ageri du, gainontzekoa zarpeatua eta zuritua du, eta hareharri-harlanduzko plakak ditu eskantzuetan.

Fatxadaren goiko aldeak zurezko bilbadura imitatzen du, gorriz pintatutako igeltsuzko banda lisoen bidez. Mehelin edo anta eskegiek definitzen dute fatxadaren zati bat, gorputz nabarmen bat sortuz Aurrealdean eta kaminero-etxe gehienek bezala, Diputazioaren armarria eta eraikuntzaren zenbakia ditu, kasu honetan 144 zenbakia.

Gaur egun Legazpiko Udalak biltegi modura erabiltzen du eta kontserbazio-egoera nahiko kaskarra erakutsi arren, bere ezaugarri nagusiak garbi adierazten ditu.

5.2. NORTEKO TRENBIDEAREN GELTOKIAK

Trenbide hauxe izan zen Gipuzkoako probintzia lehen zeharkatu zuena eta, ziurrenik, baita garrantzitsuena ere.

Hasieran, gauzak nahiko zailak izan ziren, azkenean trena Madril-Burgos eta Arabatik pasatuko zela eta muga Irundik gurutzatuko zuela erabaki zen arte. Gipuzkoarentzat, noski, erabaki hau oso onuragarria izan zen. 1858ko uztailaren 22an izan zen Tolosan obren inaugurazioa.

Trenbide honi buruzko azterketak C. A. Letourneur-ek egin zituen, eta obra edo lan haiek ere honexek berak zuzendu zituen. Azkenean, Madril-Paris linea 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zen.